gure Eskola
Jose Mª Uzelai Herri Ikastetxea. Busturia. Urdaibai. Bizkaia. Euskal Herria.

Jose Maria Uzelai.

Jose Mari Uzelai
(Bermeo 1903 - Busturia 1979)

Bermeon sortu zen Jose Maria Uzelai, 1903ko azaroaren 1ean. Jaioterrian bizi zen 6 urte bete arte. 1909an, familia osoa amaren jaiotetxera joan zen, Busturiako Txirapozu baserrira. Ikasketetako lehen urteak Bilbon egin zituen, eta gero ingeniaritza ikasten hasi zen. Baina ikasketa horiek utzi egin zituen, eta Txirapozura itzuli zen, aitaren aginduz.

Baserriko itzulera haurtzaroko munduaren itzulera izan zen. Han aurkitu zituen berriro Gaspar Bulukuaren medizina eta botanika liburuak, Manuel Txirapozuren tresna eta margo orientalak eta Jose Manuel Uriarteren ontzi-liburuak. Hiru erreferentzia horiek Uzelairen mundu ikonikoa osatu zuten.

Txiapuzo jauregia. Jose Maria Uzelai margolariaren jaiotetxea. Busturia - Urdaibai - Biakaia - Euskal Herria. © Barrenetxea 2003.
Txiapuzo jauregia - Busturia

Artista sena 16 urte zituela etorri zitzaion. Orduan egin zituen lehen margolanak. Berehala hasi zen erakusketetan parte hartzen, Bilbon eta Zaragozan. 1922an, Eusko Ikaskuntzaren Batzarrean izan zen. Han, Julian Tellaetxek bere bi margolan eskaini zizkion Uzelairen baten truke. Uzelaik berak honela gogoratzen zuen orduko truke proposamena:

«Honela esan zidan: "Zu baino hogei urte zaharragoa naiz. Ia 30 urte daramat margotzen. Zuk baino gehiago dakit pinturaz, eta badakit zer esan eta zer egiten dudan..."».

Urte hartan bertan Parisera joan zen, «garai hartan dena Parisen baitzegoen». Frantziako hiriburuan 1938 arte egon zen, tartean behin euskal Herriratzen bazen ere. Parisen artista abangoardistak ezagutu zituen. Garai hartan (1933) margotu zuen Bermeoko batzokiko murala. Urte hartako azaroaren 7an ezkondu zen Ines Atxirikarekin.

Parisen seikote bat osatu zuen Uzelaik, eta han ibiltzen ziren tertuliaz tertulia.

«Sasoi hartan, tertuliak zirela eta, jende ezagun asko ezagutu genituen: Paul Moran, Alejo Carpentier, Blaise Cendras, Hemingway, Fitzgerald, Le Corbusier. Primo de Riveraren diktaduratik ihesi etorritako Unamuno ere ezagutu nuen. Adiskidetasun handia egin nuen Mauridce Ravelekin ere; euskaraz mintzatzen ginen biok. Tertuliakide genituen Strawinsky, Falla, Picasso...».


Arte Ederretako zuzendari

1936an, Jose Antonio Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzak Arte Ederretako zuzendari izan zedin eskatu zion. Agirre batxilergo garaitik ezagutzen zuen, eta baietza eman zion. Hurrengo urtean Parisko Erakusketako Eusko Jaurlaritzaren pabilioiko zuzendari izan zen. Julian Tellaetxerekin batera, Euskal Herriko artelanak salbu jartzeko ardura hartu zuen, Gerra Zibila zela eta. Garaiko beste artista askok bezala, erbestera joan behar izan zuen 1938an. Ingalaterran babestu zen1949 arte. Orduan margotu zituen, besteak beste, Queen Mary eta Caronia ontzietako muralak.

1949an itzuli zen erbestetik. Madril eta Busturia artean bizi izan zen hurrengo hogei urteetan.


Krisia

60ko hamarkadatik aurrera, Uzelairen gainbehera hasi zen. Hainbat proiektu enkargatu zizkioten, baina ordaindu ez; diru arazoak sortu zitzaizkion azkenean... Horrekin guztiarekin krisi sakon bat igaro zuen Uzelaik. Artisten batasuna bultzatzen zuen "Emen" taldean parte hartu arren (Gipuzkoako "Gaur", Arabako "Orain" eta Nafarroako "Danok" taldeen parekoa), Uzelai zen gerra aurreko artista bakarra; eta besteek errespetu eta begirune handia zioten arren, ikasle gutxi zituen taldean.

1969an, Busturian geratu zen betiko. Modu horretan, bi bizileku izatearen karga ekonomikoa arindu zuen. Han zegoela, muralak alde batera utzi, eta oihaletan margotzera eta marraztera mugatu zen. Koadroak salduz bizitzeko adina ateratzeko moduan zen. Orduko margolanak garai bateko oroitzapenak berreskuratzeko saio bat izan ziren; garai hobeak, dudarik gabe. Londresera eta Parisera egin zituen bidaiek ere helburu hori zuten.

Uzelairen azken urteetan, artista handiaren itzala gogorarazi nahi zuten adiskide batzuek (Txillida, Martin Ugalde...) omenaldia antolatu zioten 1978an.

Artrosiak eta bronkioetako gaitzak hilabete bat ohean ia mugitu ezinik utzi eta gero, 1979ko abenduaren 24an hil zen Uzelai, 76 urte zituela.


Uzelairen lanak

"La bandeja" Jose Maria Uzelairen margolana.
"Erretilua" (La bandeja) - Jose Mº Uzelai
70 x 90 cm. Olioa eta ehuna - 1935

Estilo pertsonal markatua zuten Jose Maria Uzelairen lanek. Formen imitazioak gainditzen zituen haren errealismoak; errealismo magikoa zen harena, ukitu manierista eta espresionistekin. Bere garaiko erretratistarik onenetakoa, berak margotutako pertsonaiak nolabait itxuraldatuta agertzen dira eta atmosfera garden batean sartuak, errepresentazio hutsetik haratago. Natura hiletan eta bereziki itsasoko gaietan egindako lanetan, marrazkiek eta konposizioek ekialdeko eragina dute; umetan Txirapozu baserrian ikusitako Manuel Txirapozuren tresna eta grabatu orientaletatik eta Jose Manuel Uriarteren ontzi-liburuetatik, edo Londresen zegoela hainbat aldiz irakurritako Stevenson, Conrad eta Londonen nobeletatik hartuak dirudite.


HAUR HEZKUNTZAKO BLOGA (Berria)

LEHEN HEZKUNTZAKO BLOGA (Berria)
Historia eta Artea | Keramika | Txakolina | Kirolak
Jokuak | Ingurune naturala | Dantzak | Argazkiak

Jose Mª Uzelai Herri Ikastetxea.
Altamira 37. 48350 - Busturia. Bizkaia.

Nortzuk gara
marra


Non gaude
marra
 

Zerbitzuak
marra
 
Ikasleon bloga (Berria)
marra

Albistegia
marra
Busturia 
marra


info@uzelai.net
marra